XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Wu-ti-ren aita Enperadore hil zenetik, enperadoregaia artatu eta aita bailitzan hezi zuen Tao-Han Xanbelan eta jauregiko nagusiak bidatuko zuen urrezko herensugez ederturik zen jadezko troinuaren gainera.

Bazuen zertaz boztu Xanbelan zaharrak, hainbeste urtetan bere gain hartuak baitzituen inperioaren arrenkura guztiak; finean, Enperadore berriarekin betetzen zen inguru bat ortze amaigabean, Lurrean ezarria zen oreka, Xina-ko inperioan berriz ere Zeruko Semeak manatzen baitzuen.

Halere, xanbelana mesfida zen Enperadoreren gaztetasunaz, eta berak bere buruz ebakitzen zuen inperio erraldoiari zegozkion aferetan.

Wu-ti Enperadorek arbasoei eskeini zeremonia eta poroguetan, Quan-Fu-Tzu-ren erranak ikasten, eta Go jokuan emaiten zuen denborarik gehiena; emazte eta konkubinekin iragaiten zuen egunaren hondarra.

Aldikal, kanpotar enbaxadorei uzten zien bere aitzinera etortzera, ikustateak beraren oinetan uztera, noiz ere goitik behera higitzen zuen burua erraitera bezala atsegin zituela barbaro haien emaitzak, kontent zela haien errezibitzearekin.

Bainan inperioari zegozkion aferen gainean ebakitzera, Tao-Han Xanbelanak zerratzen zion bidea, beste ministrari eta armada buruekin joaten zen gobernuari zegozkion zereginetara.

Halatan bada, Wu-Ti arras harritu zen Chuang-Nam probintzian ipar lautadetako zaldizkoek murrua hautsi eta gainditu zutela, korteko bufoi batenganik jakin zuenean.

Murruetako arrail hartarik, isuri batean bezala, bata bestearen ondotik sartu ziren Xina baithara tartariar zaldizko oldeak; bere azkon fite iaurtikiez, zaldi ttipi baina bizkorren gainean korriturik zituzten ibai artetarik hedatzen diren lur horiak